THE
HOSPITAL
5.Kasua: Neurologia
URGENTZIAK
Urgentzietako lana oso gogorra da! Paziente asko eta arazo oso desberdinekin heltzen dira! 24 orduko txanda bat egin beharko duzuen mediku taldea zarete oraingo honetan. Pazienteen harrera egin eta lana banatu beharko duzue. Baina adi, txanda amaitzean beste medikuei zuen kasua aurkeztu beharko diezue!
​
1.PAZIENTEA: Gizon bat heldu da hurrengo sintomekin:​ buruko mina, nekea, mina eta zurruntasuna (mugitzeko arazoak) lepoan eta bizkarrean. Odol analisi bat eskatu dugu eta emaitzetan infekzio larri bat daukala ikusi dugu. Poliobirusarekin kutsatuta dago, eta honek nerbio sistemari eragiten dio, poliomielitis izeneko gaixotasuna sortuz. Honen inguruko ikerketa egin, gaixotasun honen nondik norakoak azalduz, batez ere nerbio sistemari nola eragiten dion.
​
2.PAZIENTEA: Emakume bat ekarri dute anbulantzian. Etxean zegoela gorputzaren alde batean indarra galtzen hasi da, hitz egitea kostatzen zaio eta begi batetik txarto ikusten du! Kontuz! Uste dugu iktus bat izaten ari dela eta hau oso larria da! Garaiz harrapatuz gero konponbidea dauka, baina beranduegi denean garuneko infartoa sortzen da eta horrek ez dauka atzera bueltatzerik. Iktusa eta garuneko infartua ondo azaldu beharko dituzue.
​
3.PAZIENTEA: Uda partean askotan gertatzen den istripua izan duen gaztea ekarri dute. Igerilekuan zegoela buruz bota da uretara, sakonera gutxiko toki batean. Ez du ondo kalkulatu eta buruarekin lurra jo du! Horren ondorioz lepoan traumatismo handia jasan du eta orain ez da gai bere gorputza sentitu eta mugitzeko. Azaldu zer den gertatu zaiona eta zeintzuk izango diren istripuaren ondorioak.
​
4.PAZIENTEA: Neska batek bere ama ekarri du ospitalera. Konturatu da azken aldian despiste asko dituela, adibidez noiz gosalduko duten galdetzen du gosaldu eta gero, kaletik paseo bat ematen galdu da ez zuelako etxera itzultzeko bidea gogoratzen, gauzak kontatzean bapatean gelditu egiten da eta esan nahi zuena ahazten zaio, etab. Emakumearen adina dela eta, alzheimerra garatzen hasi dela pentsatu duzue. Gaixotasuna ondo aztertu eta azaldu.
​
5.PAZIENTEA: 35 urteko mutil bat etorri da, azken aldian asko nekatzen da eta gorputza ahul nabaritzen du, indarrik gabe. Batzutan zorabiatu egiten da eta bertigoak izan ditu azken aldian. Proba gehiago egin behar dizkiogu baina sintoma horiekin esklerosi anizkoitza izan dezakeela pentsatu dugu. Gaixotasuna azaldu, nola eragiten dio gaixotasunak nerbio sistemari?
​
6.PAZIENTEA: Larrialdietako atetik emakume bat sartu da buzo zuri, eskularru, maskarila eta plastiko gardenezko pantaila bat jantzita. Bere ondotik jendea pasatzen denean ikaratu egiten da, ez du nahi inork ikutzea. Oso urduri dago eta koronabirusa daukala esaten du, oso txarto sentitzen dela. PCR-a egin eta emaitza negatiboa izan da, baina berak jarraitzen du esaten kutsatuta dagoela, etxean 5 antigeno proba egin dituelako eta batek positibo eman duelako. Bere azkenaldiko ohiturei buruz galdetu diozue eta erantzuna hau izan da da: "Ez naiz etxetik ateratzen kutsatzeko beldur naizelako. Ateratzen naizenean beti ipintzen du babesteko daukadan guztia, eta etengabe nago eskuak hidrogelarekin garbitzen. Egunero egiten dut antigeno proba bat kutsatuta nagoen konprobatzeko. Ez dut ondo lo egiten beldurragatik".
​
Bere azalpenekin argi daukazue diagnostikoa. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz geroz eta jende gehiago ari da "Koronafobia" garatzen. Fobia baten jatorria eta ondorioak aztertu, baita hauekin lotuta egon daitezkeen nahasmendu obsesibo konpultsiboak eta egoera honek sortu dezakeen depresioa.
Google aurkezpenak erabili zuen pazientearen kasua azaltzeko. 5 minutuko hitzaldia eman beharko duzue.
Gaixotasun edo egoera bakoitzak nerbio sisteman eragiten duena azaltzea da garrantzitsuena. Hurrengo galderak lana garatzen lagunduko dizuete:
-
Nerbio sistema zentrala edo periferikoari eragiten dio?
-
Ze neurona edo organo daude kaltetuta?
-
Zein da gaixotasunaren jatorria? Infekzioa, istripua, gaitz neurodegeneratiboa...
-
Sendatzeko aukerarik al dago?